Hasierako orrialdea

2012/01/20

"Thinking football" lehen topaketa burutu da

Athletic Club Fundazioak antolatzen duen “Thinking Football” zikloaren lehen topaketa burutu da atzo arratsaldean Bilboko BBK Aretoan . Enric Gonzalez kazetariak, Juan Villoro idazleak eta Jorge Valdano jokalari ohiak futbola eta gizarte garaikideen arteko harreman historikoa eta gaur egungoa aztertu dute.

Champions Leagueko finalerdi polemiko baten kariaz F.C. Barcelonako zale bat eta Real Madrileko beste bat borrokan ikustea ez da deigarria. Bai, ordea, liskar hori Beirutgo hotel batean gertatzen bada eta bi zale horiek libanoarrak badira. Irrazionaltasun hau futbolak besterik ezin du azaldu. Egia esan, futbola herri-kulturaren adierazpena da. Nola dibertitzen garen erakusten du, baita nola borrokatzen dugun ere.
Jende askoren emozioetan futbola premia-premiazko produktua bilakatu da. Valdanoren esanetan hiru faktore nahasten dira  prozesu honetan: identifikazioa, emaitzaren ziurgabetasuna eta estetika.
Talde baten jarraitzailea komunitate baten partaide sentitzen da. Futbolak tribura itzultzea ahalbidetzen digu. Espeziaren biolentzia intrintsekoa bueltatzen digu. Orduan etsai bat izatea ezinbestekoa da. Gerra joku bihurtzen da eta futbolak gertaera heroikoen kontaketaren traza hartzen du. Horrela uler daiteke zaleen leialtasun sendoa talde bakar batekiko.
Halere, garaipenak dena justifikatzen al du? Zale gehienontzat behintzat ez. Baloreak eta arauak errespetatuz irabazi behar da eta, posible bada, estetikoki. Orokorrean estetikak eraginkortasuna lagundu ohi du. Futbolak badauka ere bere justizia poetikoa. Valdanok ez digu ezer komentatu nahi izan Mourinhoren taktikaz  Barçaren aurkako Errege Kopako partidan. Alta, aurretik aipatu balore guztiak gaur egun F.C. Barcelonak ordezkatzen dituela ihes egin zaio. Gustatuko litzaidake Mourinho eta Valdano Beirutgo hotel batean elkarrekin ikustea.
 

Zibertestu baterako estrategia linguistiko-diskurtsiboak

Erreportaje multimediak sareko komunikazioak eskaintzen dituen ezaugarri bereziak erabiltzen ditu. Hipertestuak, multimediatasunak eta elkarreraginak aukera eta erreminta berriak ematen dizkiote kazetariari produktu osoago eta egokiago bat garatzeko. Hala eta guztiz ere, elementu berri hauen erabilpenak estrategia linguistiko-diskurtsibo berriak hartzera behartzen du egilea.
Hipertestuari dagokionez, kazetariak jada ezin du planteatu ibilbide lineal bakarra erabiltzailearentzat. Ibilbide nagusi bat lehenetsiko du eta, horren arabera, nodo nagusia/k zein/zeintzuk den/diren zehaztu beharko du. Baina, aldi berean, nodo osagarrien plangintza egin beharko du aukera diskurtsibo guztiak bere osotasunean ustiatzeko. Izan ere, egituraren gradualtasuna argitu beharko du edukiak ordenatzerakoan.
Eduki multimediekin lan egiteak gogoeta egitera behartzen du kazetaria. Euskarri bakoitzak aukera diskurtsibo ezberdinak eskaintzen ditu. Erreportajearen helburuak betetzeko formatu egokiena (testu idatzia, soinua, irudi finkoa…) hautatu beharko du produktuaren alderdi bakoitzean. Beraz, informazio pieza bakoitzak leku estrategiko bat izango du hipertestuari esker. Orain, gainera, hoberen egokitzen zaion formatua ere bai, multimediatasuna baliatuz.
Hala eta guztiz ere elementu gehiago izateak buruhauste gehiago ekarriko dio erreportajearen egileari. Berak erabaki beharko du eskuan dituen informazio-baliabide hauek nola konbinatu. Webgunearen arabera, bi estrategia posible har ditzake: integrazioa eta justaposizioa.
Integrazioan behartuta gaude testu-pieza guztiak pakete bakar batean sartzera.  Testua eta bakoitzaren formatua hautatzea kritikoagoa bihurtzen da. Erreportajearen helburu guztiak unitate horretan sartuta agertu behar dira. Justaposizioan, berriz, eduki multimediak bereizita agertzen dira. Egitura orokorretik aparte kontsumitu daitezke. Bakoitzak helburu edo funtzio ezberdin bati erantzun diezaioke. Testu bakoitzaren kokapenak zeresan handia izango du. Baina zaindu behar dugu, osotasunean, produktuak irudi koherente bat eskainiko duela.
Azkenik, elkarreraginak kazetariari erabiltzailearekin izango duen komunikazioaren ezaugarriak diseinatzea ahalbidetzen dio. Elkarreragin-mailaren arabera, egilea harreman honen sakontasuna markatzen ari da. Tresna egokiena (foroak, iruzkinak, txat…) aukeratu beharko du erabiltzailearen parte hartzea bideratzeko. Estiloa ere aproposa izan beharko da. Genero dialogikoa eta ahozkotasunaren ezaugarriak nagusituko dira.
Halaber, garrantzitsua da argi izatea zer egingo duen ekarpen hauekin. Egileak bere erreportajea eraldatzeko eta aberasteko aukera izango du, produktu bukatutzat ez badu. Edo, akaso, besteren batek osa edo buka dezan.
Ikusi dugunez, sareak tresna eta aukera berriak ematen dizkio kazetariari erreportajearen generoa lantzeko. Bide berriak zabaltzen zaizkio. Batzuk oraindik ezagutzen ez diren lurraldeetan sartzen dira. Hortaz, erreportaje multimedia bat garatzerakoan, kazetaria bidegurutze batean kokatzen da. Berak erabaki beharko du zein bide hartu eta noraino sartu, XIX. mendeko esploratzaileen antzera.

 

2012/01/10

Menderakaitzak irrati-nobela amaitu dugu

Zuen ekarpenei eta laguntzari esker, Menderakaitzak irrati-nobelari amaiera bat ematea lortu dugu. Jakin nahi duzu zein den istorio osoa? Ba, zeren zain zaude orduan? Belarriak tente eta entzun!