Hasierako orrialdea

2012/04/24

Futbola: herriaren opioa ala giza garapenerako motorra?

Athletic Fundazioak antolatutako "Thinking Football" zikloaren barruan jardunaldi interesgarria antolatu zen atzo arratsaldean Bilboko BBK Aretoan, "Futbola eta Bilakaera Gizartean" izenburuarekin. Tertulia Patxi Alonso kazetari mediatikoak gidatu zuen eta Josep Ramoneda filosofoa eta Sid Lowe eta Filippo Rizzi kazetariak izan ziren gonbidatuak.

Futbola herriaren opioa da, zalantzarik gabe. Nola azaldu bestela azken egunotan Barcelona-Real Madrid klasikoak Espainiar estatuko hedabideetan, baita munduko hainbatetan ere, izan duen eta oraindik daukan ohiartzun mediatikoa? Nola justifikatu bestela Espainiako Ligako klubak itotzen ari diren miliotako zorrak? Nola ulertu jendearentzat politikarien soldatak eskandalugarriak izatea baina futboleko izarrenak ez?.

Futbola ere erlijiotzat har dezakegu, bere fededun, erritual eta liturgia propioak dituena.

Gizartearen barruan sortzen diren biolentziak futboleko estadioak irudikatzen duen bomitorio sozialera bideratzen dira.


Halere, futbolak ere gizartea egituratzeko eta kohesionatzeko ere balio du, klaseen arteko ezberdintasunak gainditzeko. Futbola unibertsala da, nahiz eta geografikoki errealitate oso ezberdinak bizi. Jarraitzaileen fenomenoari berari eragin dion globalizazioaren garaian identitate propio bat sortzeko tresna da; "gu" positibo bat, alegia, inoren kontra ez doana, baina besteengandik berezi egiten gaituena. Athleticen izan genezake adibiderik onena.

Beraz, gakoa da nora bideratzen den futbolak sortzen duen energia kantitate itzel hori. Bi adibide kontrajarriak ipini ditzakegu: Afrikako futbola eta 70ko hamarkadako Inglaterrako futbola.

Afrikan gobernuek futbola kontrolatzen dute. FIFAk emandako diruak ustelkeria elikatzen du eta, horren ondorioz, tokiko futbola ez da garatzen eta, orokorrean, txapeleketak ez daude ondo egituratuta. Logikoa denez, futbolari afrikarrek sorterritik alde egin nahi dute etorkizun oparoago baten bila. Hortaz, futbolak giza bilakaera sortzeko duen ahalmena hutsean gelditzen da.

70 hamarkadako Inglaterran ohiu arrazistak ohikoak ziren estadioetan futbolari beltzen aurka. Eguraldi hotza ezin zutela jasan eta futbolean jolasteko jarrera egokia ez zutela bezalako usteak zabalduta zeuden jarraitzaileen artean, baita entrenatzaile batzuen artean ere. Halere, West Bromwich Albionen jokatzen zuten Cunningham, Regis and Batsonek ("The Trio") uste eta oihu arrazista horiekin bukatu egin zuten zelaian bertan erakutsitako abilidadeen bidez. Futbolak gizartea aldatu zuen.

Futbola opioa bada...gora politoxikomania!

 

2012/03/10

Amets baten curriculuma

Oraindik gogoan ditut “Estudio Estadio” saioaren laburpen horiek, anaia nagusia eta biok ohe berean sartuta. Astelehen gauetan emititzen ziren, bideoak muntatzeko astia izateko. Eta nik ametsetako bidea hasten nuen Iribarren geldiketek edo Daniren erremateek lagunduta. Bizi-bizi daukat ere Athleticek azken lehen liga hura. Partidaren gorabeherak irratian jarraitu genuen. Norgehiagoka amaitu eta bandera zuri-gorria eskuan errepidera irten ginen lagunekin automobiletako bozina-hots konplizeak bilatzera. Institutu garaian ere gau osoan irratia piztuta gelditzen zen, Butanitoren garrasiren batek ez baninduen itzartzen.
Oso argi neukan sasoi hartan kirol-kazetaria izan nahi nuela. Baina bat-batean, zuhurregia eta arduratsuegia beharbada adin horretarako, institutua amaitu eta Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi behar nuela esan nion neure buruari, hori baitzen etorkizuneko lanbidea. Beraz, ondorengo sei urteotan gogor ikasteari ekin nion. Hori bai, beti zegoen tarteren bat Italiako mundialeko edo Suediako Eurokopako partidak ikusteko. Erabat uztargarriak ziren niretzat asteburuetako irrati-karruselak eta integralak ebazteari ekitea. Edo Marcaren irakurketa kafetegian azterketara sartu aurretik.
1995ean karrera amaitu eta segidan lanean nengoen, aurreikusi bezala. Lau urte eta erdi eman nituen AIRTEL-en telefonia mugikor digitaleko sarerik arrakastatsuena diseinatzen. Asko ikasi nuen garai horretan, gogor lan eginda, baita proiektu garrantzitsu batzuk zuzendu ere, Bilboko metroko estaldurakoa adibidez. Baina kirol-kazetaritzaren arra barne-barnean neukan.
Egonezinak eraginda, 2000. urtean irakaskuntzara pasatu nintzen, erabaki bainuen denbora gehiago behar nuela nire proiektuei ekiteko. Eta 2002an kazetaritzako ikasketak hasi nituen. Tamalez, kontu asko neuzkan eskuetan garai hartan eta hile batzuk beranduago alboan utzi behar izan nituen. Hala eta guztiz ere, ez nuen etsi. Hurrengo urtean ikus-entzunezko master batean apuntatu nintzen EHUn (Euskaldunak XXI mendean). Bikainak izan ziren lehen urteko emaitzak. Horrexegatik ikerkuntza gaitasunerako lana egitera animatu ninduten irakasleek.
Horrela 2003an Erandioko Tartanga institutuan lur hartu nuen. Soinuko heziketa-ziklo berri bat ipini genuen martxan. "Ikus-entzunezko Produkzioetako Soinua" eta "Irratia" irakasgaiak irakasten hasi nintzen eta, horrela, nire hedabideetako lotura berreskuratu nuen. Lehen urte hartan ere “ETBren hizkuntza politika” ikerkuntzarako lana amaitzeko aprobetxatu nuen.

2009-2010 ikasturte bitartean Erandioko institutuan jarraitu nuen. Oso emankorra izan zen egonaldi hura. EAEko lehen ziklo hiru eleanitza ipini genuen martxan sailetik eta ingelesez Audiovisual Production irakasteari ekin nion bi ikasturtetan zehar. Bide batez frantsesa ikasteko ere aprobetxatu nuen. Gainera, ingelesaren hiztegi teknikoa menperatzeko ikus-entzunezkoetan ikastaroak egin nituen Estatu Batuetan eta Estonian. Beste prestakuntza ikastaroak ere egin nituen, Radio Euskadin soinu-teknikari gisa aritzekoa besteak beste.

Halere, egoera horretan ez zegoen kirol-kazetari moduan aritzeko aukerarik. Apustu gogorrago eta zuzenagoa egiteko garaia zen. Hezkuntza saileko oposaketetara aurkeztu eta plaza bat lortu nuen elektrizitateko irakasle gisa. Horrek aukera eman dit 2011-2012 ikasturte honetan eszedentzia bat eskatzeko eta "Multimedia Komunikazioa" masterrean apuntatzeko.
    Bitartean barruko ar hori nolabait baretzen jarraitu izan dut, ETBko saioekin kolaboratuz (Anitzele, Arratsaldero) edo Hamaika Telebistarekin (Bi eta bat), irratiko kirol-saioetako elkarrizketetan edo sare sozialetan.

2012/02/22

Ahozkotasun ereduak aro multimedian: kasu-azterketa



Artikulu honen xedea  egungo eta etorkizuneko komunikazio multimedian erabil daitezkeen ahozkotasun ereduen ezaugarriak eta funtzioak hiru adibidetan aztertzea da. Nagusiki bi eredu erabiltzen badira ere (normatibizatzailea eta normalizatzailea), gu hiru ikus-entzunezko piezetarako balizko bikoizketez arituko gara, eredu normalizatzailearen aldaera guztiak ilustratzeko asmoz.
Film pieza hau bikoizterakoan, eredu normalizatzailea aproposena izango litzateke. Izan ere, eredu normalizatzaile kualitatiboa egokiena iruditzen zaigu ondorengo arrazoiengatik:
  • Torrenteren idiolektoa oso berezia da eta filmaren arrakastaren gakoetariko bat. Idiolektoak bere izaeraren ezaugarri gehienak islatzen ditu: zakarra, misoginoa, sexu-adiktoa…Marka berezi hauek ezabatzen badira, filmaren zati handi batek zentzua galduko luke.
  • Izaeraz aparte, Torrente ibili ohi den giroa eta konpainia nabarmentzea ere interesatzen zait. Hori indexikalitatearen bidez lortuko dugu. Egia esan Torrente ghettoetan mugitu eta Rafi bezalako maila baxuko pertsonaiekin erlazionatzen da.
  • Gaia sexua da. Sexuak oso hiztegi aberatsa dauka hizkera arruntean, estandarrak bere osotasunean hartu ezin duena.
Ikus dezagun era praktiko batean zelan gauzatzen den eredu hori ondorengo piezaren bikoizketan:

b) Irailak 11, albistegia
Informazio-pieza hau bizkoizterakoan, eredu normatibizatzailea erabili beharko genuke ondorengo arrazoiengatik:
  • Ikus-entzunezko albiste bat da, espainiar hedabide batean estatu osorako emititu dena. Euskal Herrian, ETB-1ean zabalduko balitz, euskara batuan egingo litzateke, horrela agintzen baitu EITBk argitaratutako Euskarazko albistegietarako esku-liburua I (1992).
  • Jatorrizko piezak hizkera formala dauka: medialektoa . Hiztunak kazetariak dira, jende kultua eta hiztegi jasoa erabiltzen duena.
  • Komunikazioaren muina albistearen edukia da. Ez zaigu interesatzen hiztunei buruzko inolako ezaugarririk helaraztea (jatorria, klase soziala…). Hau da, garrantzitsuena berria zabaltzea da eta ez komunikatzaileak ezaugarritzea.
 
c) Fuga de cerebros
4-10 mintu arteko pasartea aztertu dugu. Film pieza hau euskaratzeko eredu normalizatzailera ere jo beharko genuke. Hala eta guztiz ere, eredu normalizatzaile kuantitatiboa egokiagoa iruditzen zaigu ondorengo arrazoiengatik:
  • Protagonistak ikasle gazteak dira. Hizkera arrunta eta informala darabilte, estandarretik urrun, hots, soziolekto bat.
  • Hala eta guztiz ere, gazteen jatorria edo kokapen geografikoa ez da nabarmentzekoa. Filma gertatu zitekeen berdin Madrilen zein Santanderren.
  • Istorioa modernoa da eta horrelakoa da gazteen hizkera. Hala ere, beraien hitzetan ez da sumatzen zein urtetan gertatzen den zehazki.

 

2012/01/20

"Thinking football" lehen topaketa burutu da

Athletic Club Fundazioak antolatzen duen “Thinking Football” zikloaren lehen topaketa burutu da atzo arratsaldean Bilboko BBK Aretoan . Enric Gonzalez kazetariak, Juan Villoro idazleak eta Jorge Valdano jokalari ohiak futbola eta gizarte garaikideen arteko harreman historikoa eta gaur egungoa aztertu dute.

Champions Leagueko finalerdi polemiko baten kariaz F.C. Barcelonako zale bat eta Real Madrileko beste bat borrokan ikustea ez da deigarria. Bai, ordea, liskar hori Beirutgo hotel batean gertatzen bada eta bi zale horiek libanoarrak badira. Irrazionaltasun hau futbolak besterik ezin du azaldu. Egia esan, futbola herri-kulturaren adierazpena da. Nola dibertitzen garen erakusten du, baita nola borrokatzen dugun ere.
Jende askoren emozioetan futbola premia-premiazko produktua bilakatu da. Valdanoren esanetan hiru faktore nahasten dira  prozesu honetan: identifikazioa, emaitzaren ziurgabetasuna eta estetika.
Talde baten jarraitzailea komunitate baten partaide sentitzen da. Futbolak tribura itzultzea ahalbidetzen digu. Espeziaren biolentzia intrintsekoa bueltatzen digu. Orduan etsai bat izatea ezinbestekoa da. Gerra joku bihurtzen da eta futbolak gertaera heroikoen kontaketaren traza hartzen du. Horrela uler daiteke zaleen leialtasun sendoa talde bakar batekiko.
Halere, garaipenak dena justifikatzen al du? Zale gehienontzat behintzat ez. Baloreak eta arauak errespetatuz irabazi behar da eta, posible bada, estetikoki. Orokorrean estetikak eraginkortasuna lagundu ohi du. Futbolak badauka ere bere justizia poetikoa. Valdanok ez digu ezer komentatu nahi izan Mourinhoren taktikaz  Barçaren aurkako Errege Kopako partidan. Alta, aurretik aipatu balore guztiak gaur egun F.C. Barcelonak ordezkatzen dituela ihes egin zaio. Gustatuko litzaidake Mourinho eta Valdano Beirutgo hotel batean elkarrekin ikustea.
 

Zibertestu baterako estrategia linguistiko-diskurtsiboak

Erreportaje multimediak sareko komunikazioak eskaintzen dituen ezaugarri bereziak erabiltzen ditu. Hipertestuak, multimediatasunak eta elkarreraginak aukera eta erreminta berriak ematen dizkiote kazetariari produktu osoago eta egokiago bat garatzeko. Hala eta guztiz ere, elementu berri hauen erabilpenak estrategia linguistiko-diskurtsibo berriak hartzera behartzen du egilea.
Hipertestuari dagokionez, kazetariak jada ezin du planteatu ibilbide lineal bakarra erabiltzailearentzat. Ibilbide nagusi bat lehenetsiko du eta, horren arabera, nodo nagusia/k zein/zeintzuk den/diren zehaztu beharko du. Baina, aldi berean, nodo osagarrien plangintza egin beharko du aukera diskurtsibo guztiak bere osotasunean ustiatzeko. Izan ere, egituraren gradualtasuna argitu beharko du edukiak ordenatzerakoan.
Eduki multimediekin lan egiteak gogoeta egitera behartzen du kazetaria. Euskarri bakoitzak aukera diskurtsibo ezberdinak eskaintzen ditu. Erreportajearen helburuak betetzeko formatu egokiena (testu idatzia, soinua, irudi finkoa…) hautatu beharko du produktuaren alderdi bakoitzean. Beraz, informazio pieza bakoitzak leku estrategiko bat izango du hipertestuari esker. Orain, gainera, hoberen egokitzen zaion formatua ere bai, multimediatasuna baliatuz.
Hala eta guztiz ere elementu gehiago izateak buruhauste gehiago ekarriko dio erreportajearen egileari. Berak erabaki beharko du eskuan dituen informazio-baliabide hauek nola konbinatu. Webgunearen arabera, bi estrategia posible har ditzake: integrazioa eta justaposizioa.
Integrazioan behartuta gaude testu-pieza guztiak pakete bakar batean sartzera.  Testua eta bakoitzaren formatua hautatzea kritikoagoa bihurtzen da. Erreportajearen helburu guztiak unitate horretan sartuta agertu behar dira. Justaposizioan, berriz, eduki multimediak bereizita agertzen dira. Egitura orokorretik aparte kontsumitu daitezke. Bakoitzak helburu edo funtzio ezberdin bati erantzun diezaioke. Testu bakoitzaren kokapenak zeresan handia izango du. Baina zaindu behar dugu, osotasunean, produktuak irudi koherente bat eskainiko duela.
Azkenik, elkarreraginak kazetariari erabiltzailearekin izango duen komunikazioaren ezaugarriak diseinatzea ahalbidetzen dio. Elkarreragin-mailaren arabera, egilea harreman honen sakontasuna markatzen ari da. Tresna egokiena (foroak, iruzkinak, txat…) aukeratu beharko du erabiltzailearen parte hartzea bideratzeko. Estiloa ere aproposa izan beharko da. Genero dialogikoa eta ahozkotasunaren ezaugarriak nagusituko dira.
Halaber, garrantzitsua da argi izatea zer egingo duen ekarpen hauekin. Egileak bere erreportajea eraldatzeko eta aberasteko aukera izango du, produktu bukatutzat ez badu. Edo, akaso, besteren batek osa edo buka dezan.
Ikusi dugunez, sareak tresna eta aukera berriak ematen dizkio kazetariari erreportajearen generoa lantzeko. Bide berriak zabaltzen zaizkio. Batzuk oraindik ezagutzen ez diren lurraldeetan sartzen dira. Hortaz, erreportaje multimedia bat garatzerakoan, kazetaria bidegurutze batean kokatzen da. Berak erabaki beharko du zein bide hartu eta noraino sartu, XIX. mendeko esploratzaileen antzera.

 

2012/01/10

Menderakaitzak irrati-nobela amaitu dugu

Zuen ekarpenei eta laguntzari esker, Menderakaitzak irrati-nobelari amaiera bat ematea lortu dugu. Jakin nahi duzu zein den istorio osoa? Ba, zeren zain zaude orduan? Belarriak tente eta entzun!



2011/12/27

Menderakaitzak irrati-nobela

Sormen Irratia ikasgairako produktu transmedia bat ari gara lantzen. Horretarako, Kukuxumuxuk atera berri duen Menderakaitzak kamisetan oinarritu gara. Bertan, Euskal Herriko historiako 44 emakume bildu dituzte. Hau ez da, ordea, produktu bukatu bat eta zure laguntza behar dugu istorioa amaitzeko.

Gure protagonistak, Maddik, bidaia berezi bat egingo du denboran zehar eta aurretik aipatutako emakume horietako batzuk ezagutuko ditu. Haiei buruz ezer gutxi daki, beraien izen abizenak eskuliburuetan agertzen ez direlako. Ziurrenik zuk ere ez dituzu ezagutuko. Jakin badakigu asko eta asko falta direla. Nork egon beharko luke? Zergatik?
Entzun istorioa eta egin zure ekarpena, ezinbestekoa dugu-eta.