Hasierako orrialdea

2011/11/26

AZAROAK 25

1

Odoletan dut sudurra eta
masailean ubeldura.
Orbain zaharrak ez dira itxi
ta berri bat zabaldu da.
Hau ez da giza itxura!,-
begira nago ispilura-
makillajeak ez du kenduko
nire senarran tortura.
Isilpeko negargura.
Pastillak hartzeko duda.
Agian hobe alde egitea
bakean beste mundura.

2

Negar tanta bi konketan behera,
potea eskuetan hustu.
Heriotzaren gogo biziak
ezin nau jada izutu.
Zenbat bortxaketa mutu
ta zenbat malko ezkutu!
Hilotza izan baino lehenago
hilda banago, hain justu.
Alabak egin dit kuku,
buru barrutik agurtu.
Haren pozaren gatibu naiz ta
katea nola apurtu?.

3

Leire gogoan ta irudiaz
bete egin dut altzoa.
Sehaskaraino hegan joan ta
negarrez dago haurtxoa.
“Etorri nire bitxoa!,
patuaren kapritxoa,
nire bizitzan truk entzun nahi dut
berriro zure zantzoa.
Sudur gorriko iratxoa,
mesedez izan zintzoa,
amak babestu egingo zaitu
bueltatzen bada otsoa.”


4

Txoritxoa besotan hartu,
kale hotzean barrena,
kaiolatik at eguzkia da
eta zerua gardena.
Zinez izan da azkena.
Akabo nire etsipena!.
Inork itzuli beharko dizkit
izana eta izena!.
Epaile entzungor dena,
politikari itsuena,
zergatik neuri jasanarazi
nire senarran kondena?.


Doinua: Manu Chao-ren “Desaparecido”, Igor Elortzak sortutako bertsioan.



 

2011/11/10

DTET erakundeak bost atentatu teknologiko aldarrikatzen ditu.

DTET (Deabru Teknologikoen Ekintza Taldea) erakundeak bere azken komunikatua helarazi digu infernutik hainbat ekintza aldarrikatzeko.
 Teknologiaren deabruek, gure gurasoak eta hainbat unibertsitateko irakasle izutzen dituen bera, bisita egin digute blogean. Gure irakurleei, esklusiban, bost akats teknologiko katastrofikoenak erakutsiko dizkiete. Beraien neurriko ekintzak, zalantza barik. Hona hemen, hitzez hitz, beraiek bidalitako atentatu teknologikoen zerrenda, txikienetik handienera ordenatuta:
5. HD DVD (2008) – Aspalditik genekien bereizmen estandarreko bideoak berea egina zuela. Ikusle zorrotzak zaretenok  detaile txikiena ikusi nahi duzue etxeko pantailetan, filma “El espíritu de la colmena” bezain aspergarria bada ere. Zuon eskaerei erantzunez, HD DVD formatua merkaturatu zen Blu-Ray formatuarekin lehia bizian. Halere, guri esker, borroka laburra izan da eta, gure armadari esker, Blu-Ray-k HD DVD sistema gupidarik gabe txikitu zuen 2008an. Beraz, etxean baten bat baldin badaukazu, eraman zure HD DVD filmak bueltan bideo-klubera.
 4. PlayStation Network sarearen hack-eoa (2011ko apirilak)– Oso zoriontsu bizi zineten zuen Sonyren jolas-zerbitzuarekin, kezkarik gabe estralurtarrak akabatzen. Zein erraza izan zen 70 milioiko bezeroen data pertsonalak lapurtzea! Susto txiki bat besterik ez da izan, Sony-k sarea martxan ipini baitzuen berriro. Halere, inozo hori, ez fidatu!  Edozein unetan itzuli gintezke.
 3. Gizmondo jolas-kontsola (2004-2006)—Gailu alu honek jolasen mundua jango zuelakoan merkaturatu zuen Tiger Telematic-ek, behar baino 5 urte beranduago. Eta konpainia bi urtetan birrindu genuen. Tamalez, batzuk libratu zarete, azkenik kontsolak Estatu Batuetan eta Bretainia Handian saldu egin baitziren soilik. Baina, egon lasai, horrelako beste ekintzaren bat bereziki Euskal Herrirako prestatu dugu eta!
2. iPhone 4 antennagate (2011ko uztailak)– Mundu guztia zegoen iPhone4 ezagutzeko irrikan. Baina dirdira goiz itzali egin zen, zuetariko asko estaldura arazoez kexatzen hasi zinetenean. Zein izan zen zuen akatsa? Edozein telefono gisa heltzea. Halere, aurrerantzean ez dago mamu horretaz zertan kezkatzerik, demonioen erreinura erbesteratua izan baita. Bertan bere maltzurkeriagatik erantzun beharko du. Baina ez dut uste gai izango denik, seinalea nahiko eskasa baita hortxe behean.
 1. BlackBerry Messenger zerbitzuaren itzaltzea – Mundu osoko BlackBerry erabiltzaileak errebelatu ziren mezuen zerbitzuak funtzionatzeari utzi egin zionean  hiru egun osoz, zerbitzari baten gainkarga sinple bat zela eta. Zorionez, BlackBerry-k eskuzabaltasunez saritu zituen kaltetutako erabiltzaileak. Beno itxaron, ez, doako aplikazio batzuk besterik ez zituen eskaini horren truk. Halere seguru nago zuek pairatutako sufrikario guztiak konpentsatuta gelditzen direla. Ezta?
Behin zuen deabruei aurre eginda, sofaren atzetik irten zaitezkete eta zuen bizitza teknologikoarekin jarraitu dezakezue. Halere, deabruek ekintza gehiago egitearekin mehatxatzen gaituzte. Zein izango ote da haien ondorengo maltzurkeria?