Hasierako orrialdea

2011/12/27

Menderakaitzak irrati-nobela

Sormen Irratia ikasgairako produktu transmedia bat ari gara lantzen. Horretarako, Kukuxumuxuk atera berri duen Menderakaitzak kamisetan oinarritu gara. Bertan, Euskal Herriko historiako 44 emakume bildu dituzte. Hau ez da, ordea, produktu bukatu bat eta zure laguntza behar dugu istorioa amaitzeko.

Gure protagonistak, Maddik, bidaia berezi bat egingo du denboran zehar eta aurretik aipatutako emakume horietako batzuk ezagutuko ditu. Haiei buruz ezer gutxi daki, beraien izen abizenak eskuliburuetan agertzen ez direlako. Ziurrenik zuk ere ez dituzu ezagutuko. Jakin badakigu asko eta asko falta direla. Nork egon beharko luke? Zergatik?
Entzun istorioa eta egin zure ekarpena, ezinbestekoa dugu-eta.
 

2011/12/23

Telmo Esnalek eta Asier Altunak "Lei(h)oa zikina" estreinatuko dute

Tesmo Esnalek eta Asier Altuna beraien bigarren filma estreinatuko dute Abenduaren 28an Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko auditorioan.
2005ko "Aupa Etxebeste" filmak lortu zuen arrakastaz baliaturik, euskal zuzendariek ez zuten topatu inolako arazorik bigarren pelikula honek behar izan duen finantzazio handia aurkitzeko. Izan ere, grabazioa Dallas-en eta Bergaran egin da eta postprodukzioa Hollywooden egin dute. Bost urteko gogotsu lan egin dute asmo handiko proiektu hau burutzeko.
Aktore lanetan aurreko filman ikusi ahal izan genituen protagonista berberak izango ditugu: Ramon Agirre, Elena Beloki, Paco Sagarzazu eta Iban Garate, hain zuzen ere. Aktore amerikarren kolaborazioa ere izan dute Esnal eta Altunak.
Zuzendariek ez dute izan nahi filmari buruzko eduki askorik aurreratu. Thrilerreko maisu handia den Alfred Hitchcocki omenaldi apala egiten saiatu direla besterik ez. Horrela, zuzenean gonbidatu gaituzte abenduaren 28an, eguerdiko hamabietan, Leioan ospatuko den premier mundialera.
Gonbidapenak eskuratzeko zozketa egingo da twitterren bidez. Bertan parte hartzeko utzi zure komentarioa @Iskieh helbidean #leihoazikina etiketarekin.

Euskararen sarean korapilaturik

Euskarak sarean duen lekuaz eta sareak euskaran duenaz eztabaidatzeko mahaingurua antolatu zuen Multimedia Komunikazio UPV/EHU-EITB Masterrak Leioako kanpusean pasa den abenduaren 20an. Bertan parte hartu zuten Luistxo Fernandez (CodeSyntax), Lontzo Sainz (eitb.com), Maite Goñi (euskaljakintza.com), Idurre Eskisabel (berria.info), Hasier Etxeberria (zuzeu.com) eta Lander Arbelaitzek (argia.com). 
Aretoan entzun ziren iritzi ezberdinen artean bi ideia nagusi partekatu zuten bertaratu ziren hizlariek eta ikasleek: interneten euskaraz sortzearen garrantzia eta diru laguntza publikoen beharra. 
Euskaraz sortzearen garrantzia justifikatzeko argudio ezberdinak eskaini zituzten. Gure hizkuntzaren tamaina txikia da. Euskarazko sorkuntzak bolumen handia erdiesten badu soilik, orduan kontuan hartuko gaituzte euskaldunok sarean, beste hizkuntza gutxiturekin gertatzen den gisa. Hala eta guztiz ere, bat etorri ziren hizlariak hori ez dela aitzakia izan behar edonolako edukiak argitaratzeko. Izan ere, erabiltzaile berri euskaldun gehiago sarean harrapatzeko, beste edozein hizkuntzan bezala, produktu erakargarriak eta kalitatezkoak ezinbestekoak dira. Parte hartzea ezin da militantzian oinarritu, baizik eta kalitatean. 
Aspektu hau kritikoagoa da gazteen kasuan, beraiek baitira teknologia berriak maizago erabiltzen dutenak eta euskararen etorkizuna bermatu behar dutenak. Zentzu honetan, beraiengana jotzeko hizkuntza funtzionalago eta informalago bat sortzeko beharra nabarmendu zen. Gazteen artean kolaborazioak eta parte hartzea suspertzea helburu, tresna egokiarekin asmatzean dago gakoa. Luistxo Fernandezek twitterren erabilera proposatu zuen. Hain zuzen ere, Luistxok twitterren ikusten baitzuen euskarazko komunitate baten presentzia iraunkorra. 
Diru laguntza publikoen beharrari heltzeko arrazoi nagusia euskarak interneten merkatu komertzialik ez duena da. Diru publikorik ez badago, ez da egongo euskal komunitate birtualik interneten. Eremu honetan inbertsioa handitzea izan beharko litzateke edozein hizkuntza politikaren lehen erabakia. 
Sareak aukera eta erronka berriak planteatzen dizkio euskarari. Zama eta aurreiritzi zaharrak gainetik kentzeko parada izan liteke, euskal komunitate zabalago eta sendoago bat osatzeko. Arduraz eta gogoz jokatu behar da. Eta horren adibide ditugu hitzaldian parte hartu zuten hizlariak eta entzuleak.


2011/12/14

Neguko zoriontasuna

Zoriontasuna detaile niminoetan omen dago, egunero oharkabean igarotzen zaizkigun une horietan. Negu gorrienean ere badago plazer txiki edo handietarako tokia: elur zapalduaren hotsa, beheko suaren berotasuna, isiltasuna, Vivaldi bakardadean...
 

2011/12/13

Aiaraldea.com euskaldunon komunikazio leihoa

Goikogane mendiak eta Urduñako haitzeko mugatzen duten Aiara bailaratik haize berriak bezain freskoak zabaltzen dira interneteko landetara. Izan ere, aiaraldea.com-ek sarean komunikazio leiho  bat zabaldu zuenetik, eskualde honetako euskaldunek ez ezik, gainontzekook ere paisaia ederrago bat ikusteko parada izan dugu euskarazko hedabide digitalen munduan.
Euskara hedabide honen ikurretariko bat da zalantzarik gabe, munduratzeko arrazoi nagusia beharbada. Hizkuntzaren osasunarekiko benetan kezka eta konpromisoa agertzen dute artikulu ugaritan. Honela, sarearen espazioaz baliatuz, eskualdeko euskaldunon arteko harremanak trinkotzeko asmoa  agertzen dute, albisteetako orrian herri nagusien izenak identifikatuz (Laudio, Amurrio, Urduña, Aiaraldea, Orozko, Artziniega, Aiara, Arrankudiaga eta Okondo), baita herri txikiagoen izenak ere (Luiaondo, Baranbio, Arakaldo eta Lezama, besteak beste) .

Hala ere Aiaraldea.com proiektuaren bizkarrezurra herritarren parte hartzea da. “Euskarazko komunikabide digitalen mapa" artikuluan proposatzen genuenez, euskaraz aritzen diren erakunde eta elkarteek leiho ireki bat daukate mundura beraien lanen fruitua erakusteko. Izan ere, tokikotasuna eta herriekiko inplikazioa islatu egiten dira webgunearen egituraketan eta argitaratzen diren edukietan. Eguneroko albisteez gain, agenda zabal bat eskaintzen diote erabiltzaileari, herriz herri antolatuta, eskualdeko ekitaldietan bildutako bideoen eta argazkien bildumekin batera. Bilduma bakoitza dagokion azalpenarekin lagunduta dator.  Ondoriozta dezakegu elementu horiek guztiek ematen duten osotasuna dela, hain zuzen ere, bere arrakastaren arrazoi nagusia.
Halaber, hedabide honetan interes orokorreko gaiak ere jorratzen dira kultur leihoan: literatura, zinema eta abar, euskarazko MM&D hedabideetan batere ohikoa ez dena, eta are gutxiago eskualdekoetan. Eduki hauek erakargarri bihurtzen dute produktua euskaldun ororentzat, diseinu moderno, sistematiko eta zaindu baten laguntzaz. Gainera, guztioi ematen zaigu parte hartzeko aukera, bai sare sozialen bidez zein formatu anitzeko edukiak laguntzen dituzte iruzkin-koadroetan. Honela, euskaldunon esku tresna egoki bat ipintzen da hizkuntzaren koadroa osatu eta eraldatzeko.
Euskaldun guzti-guztiok gaude gonbidatuta Aiaraldea.com-ek zabaldutako leihotik haize freskoa hartzera. Bertatik ikusten den euskararen paisaia zaharra bezain modernoa da. Eta ez bazaigu gustatzen, webgune honen pintzela dugu koadro berri bat marrazteko.

 

2011/12/11

EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE DIGITALEN MAPA

Euskarazko komunikabide digital eta multimedien paisaia hizkuntzaren normalizazio ezaren isla da. MM&D eskaintza ez da oso zabala euskaraz eta, ondorioz, erabiltzaile euskaldunek beste hizkuntzetako hedabideetara jo behar dute maiz sarean banatzen diren eduki adierazgarriak lortzeko; alegia, hizkuntza aldatzera behartuta daude, kalean sarri gertatzen den bezalaxe.

Euskaldunok informazio orokorra eskaintzen duen komunikabide nazional bakarra dugu interneten: www.berria.info hain zuzen ere. Halere, gaitzerdi, hutsunea larriagoa baita komunikazioaren, aisialdiaren eta kontsumo digitalaren beste esparru batzuetan. Adibidez, kirolaren edota sukaldaritzaren alorretan. Eta zer diren gauzak; izan ere, biak dira gai kuttunak euskaldun askorentzat, baina ez dute euskararen MM&D unibertsoan gune espezializatu bakarra.

Tokiko informazioa gureganatzerakoan egoera gazi-gozoa aurkitzen dugu eskualdearen arabera. Zorionekoak dira Aiaraldean (www.aiaraldea.com) edo Debagoienan (www.goiena.net) bizi diren euskaldunak. Haien herrietako informazio ugari eta kalitatezkoa daukate eskura, euskarri ezberdinetan gainera. Tamalez, beste euskaldun askok, hiriburu handietakoak adibidez, ezin dute hurbileko albisteak sarean aurkitu.

Halere, zeru lainotsu honetan badago eguzkia ikusteko zirrikiturik. Zu Zeu edo Arrosa bezalako sareek beroa ekartzen diote euskaldunon informazio-egoera epelari, komunikazio eredu horizontalago bat, erabiltzaileen ekarpenekin elikatzen dena. Aitzinetik gure herrietan auzolanaren bitartez egin den bezala, komunikazioan ere elkarlana gakoa izan liteke ekoizpena areagotu eta kalitatezko edukiak sortzeko. Informazio munduak zinez eskertuko digu, baita euskararen unibertsoak ere.

2011/12/03

EUSKARAZKO HEDABIDE DIGITALEN ERRONKAK

Hizkuntza minorizatua izanik, euskarazko hedabideek bi kezka dituzte nagusi merkaturatzerakoan: hedabide gisa beraien biziraupena ziurtatzea eta hizkuntzaren normalizazioari ekarpenak egitea . Bi xede lotuta daude, zalantzarik gabe , baina gehienetan komunikabideek aukeratu behar dute nora lerratu indarrak. Zein  helburu lehenetsi ?Edukien hedapena ala hizkuntzaren beraren sustapena ?Ez da erabaki erraza.

Nire iritziz, komunikabideek  edukiei jarri behar diete arreta handiagoa ; are gehiago mamitzen ari den unibertso digital berri honetan. Euskarazko edukien gabezi a handia dago  sarean, bereziki hedabide berezituen esparruan. Futbola edo txirrindularitza maite dugun euskaldunok, adibidez, kirol-informazioa euskaraz emango digun hedabideren baten hutsa igartzen dugu; alegia, hedabide bat kalitatezko edukiak eskainiko dituena, hemengo erreferenteak eta kanpokoak aintzat hartuta. Izan ere, euskaraz komunikatzeak ez baitu esan nahi gure txikitasunean gelditu behar dugunik.

Zailagoa da euskaraz bizi ez direnak hedabide hauetara erakartzea; askoz gehiago beste hizkuntzetako eskaintza digitala horren ugaria denean. Kalitatearena izan liteke abiapuntua. Halere, argi dago erabiltzaile erdaldunak plus bat espero duela bere ohiturak aldatzeko. Gainontzeko hedabideekin lehian aritzeko, urrats bat aurretik kokatu behar dira euskarazko hedabide digitalak. Erabiltzailearen inplikazioa izan liteke bera erakartzeko amua. Adibidez, izaera mistoko kirol hedabide bat sor genezake. Kirol ezberdinetako elkarteen informazioarekin elikatuko litzateke eta, aldi berean, egunerokotasuneko kirol-albisteak ere jasoko lituzke. Zeinek heldu erronkari?