Hasierako orrialdea

2011/12/11

EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE DIGITALEN MAPA

Euskarazko komunikabide digital eta multimedien paisaia hizkuntzaren normalizazio ezaren isla da. MM&D eskaintza ez da oso zabala euskaraz eta, ondorioz, erabiltzaile euskaldunek beste hizkuntzetako hedabideetara jo behar dute maiz sarean banatzen diren eduki adierazgarriak lortzeko; alegia, hizkuntza aldatzera behartuta daude, kalean sarri gertatzen den bezalaxe.

Euskaldunok informazio orokorra eskaintzen duen komunikabide nazional bakarra dugu interneten: www.berria.info hain zuzen ere. Halere, gaitzerdi, hutsunea larriagoa baita komunikazioaren, aisialdiaren eta kontsumo digitalaren beste esparru batzuetan. Adibidez, kirolaren edota sukaldaritzaren alorretan. Eta zer diren gauzak; izan ere, biak dira gai kuttunak euskaldun askorentzat, baina ez dute euskararen MM&D unibertsoan gune espezializatu bakarra.

Tokiko informazioa gureganatzerakoan egoera gazi-gozoa aurkitzen dugu eskualdearen arabera. Zorionekoak dira Aiaraldean (www.aiaraldea.com) edo Debagoienan (www.goiena.net) bizi diren euskaldunak. Haien herrietako informazio ugari eta kalitatezkoa daukate eskura, euskarri ezberdinetan gainera. Tamalez, beste euskaldun askok, hiriburu handietakoak adibidez, ezin dute hurbileko albisteak sarean aurkitu.

Halere, zeru lainotsu honetan badago eguzkia ikusteko zirrikiturik. Zu Zeu edo Arrosa bezalako sareek beroa ekartzen diote euskaldunon informazio-egoera epelari, komunikazio eredu horizontalago bat, erabiltzaileen ekarpenekin elikatzen dena. Aitzinetik gure herrietan auzolanaren bitartez egin den bezala, komunikazioan ere elkarlana gakoa izan liteke ekoizpena areagotu eta kalitatezko edukiak sortzeko. Informazio munduak zinez eskertuko digu, baita euskararen unibertsoak ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario