Hasierako orrialdea

2011/10/31

Zer arraio da Web 2.0?


Orain dela gutxira arte Interneteko munduak gizarte hierarkizatu eta merkantilista baten antolakuntza eredua islatu du. Web 1.0 eskemak bi norbanako mota biltzen zituen:
  • Ekoizleak (jauntxoak), Interneterako web orriak, produktuak, aplikazioak eta lizentziak eta abar sortu eta kudeatzen zituztenak;
  • Kontsumitzaileak (herri xehea), web orrietan gonbidatu gisa sartu, produktuak erosi eta txertatutako aplikazioak jauntxoen baimenei esker erabiltzen zituztenak.
Sistema honen antolakuntza, jakina, beti ekoizleei begira zegoen eginda eta garrantzia ez zegoen erabiltzailearengan jarrita.
Halere, XXI. mendeko gizasemeak ez du begi onez onartu film arrakastatsu baten bigarren mailako rola eta protagonismoa eskuratu nahi izan du merkatu honetan. Matxinatu egin da. Sareko iraultza honen ondorioz web 2.0 jaio da.
Web 2.0 ez da teknologia bat, askok pentsa lezaketenaren kontra (edo ez soilik, behintzat). Web 2.0 jarrera bat da, ideologiaren eta sarearen beraren berkonfigurazio bat eta amaierako erabiltzailearengan jartzen du arreta. Sarearen garapena adierazten duela ukatu ezinik, batez ere Interneteko erabiltzaile bakoitzaren garunean aldaketa bat suposatzen duela baiezta genezake, bai errekurtsoen eskuragarritasunari begira, zein erabiltzaileen arteko elkarreneraginari edo sare sozialen eraikuntzari dagokionez. Eredu horizontala gailentzen da orain bertikalaren ordez.
Web 1.0 ingurumari estatikoan ez zegoen lekurik erabiltzaileen partehartzerako. Eta berrikuntzak, bai mundu birtualean zein fisikoan garatzaile independenteek egindako ekarpen ugarietatik datoz. Elementu hauen dinamikotasunak akabatu egin du web 1.0 eta eraldaketa sorrarazi du.
Iraultza honi esker, gaur egun pertsona talde batek sortutako edukiak argitaratzen dira, baliabideak partekatuz, eta batez ere erabiltzaile guztien esku doako aplikazio ugari jarri dira: nork bere informazioa argitaratzeko espazio birtuala, bilaketa-motorrak partekatzea, artxiboen elkartrukea web orrien bitartez eta abar.
Laburbiltzeko, web 2.0 kontzeptuak bestelako begirada bat eskatzen digu, Interneteko sorreran ezarritako oinarri eta topikoetatik haratago. Argi ez badaukazu oraindik, irakurle, ikus ezazu mesedez ondorengo bideoa.


 

2011/10/30

MARCA.com ziber-hedabidearen analisia

MARCA.com MARCA kirol-kazeta espainiarraren interneteko ataria dugu. Artikulu honetan Espainiako egunkaririk salduenaren ziber-bertsioaren ezaugarriak aztertzen dira eta, amaieran, bere funtzionamendua eta erabilera hobetzeko proposamen batzuk egingo ditugu.

1.ONARPEN-MAILA ETA AUDIENTZIA

MARCA.com 302. postuan agertzen da mundu mailako Alexa-ko trafiko-sailkapenean eta bisitarien %69 Espainiar estatutik etortzen direla estimatzen da. Estatu mailan, atariak hamargarren lekua eskuratu du azken hiru hilabeteotan.

Sailkapen honek, gainera, bestelako datuak eskaintzen ditu, besteak beste, trafiko estatistikak, bilaketen analisiak, audientzia, loturiko estekak eta clickstream delakoa, hau da, erabiltzaileak bisitatutako aurreko orrialdea eta hurrengoa.
Aipatzekoa da bisitarien %78.19 ziber-hedabide honetara sartzeko “marca” hitza bilatuta egiten dutela. 
OJD Interactiva izeneko datu-baseari dagokionez, pasa den hilabeteko (2011.ko irailak) datuek 33.079.947 erabiltzaile bakarrak erakusten dituzte eta konexioaren batez besteko iraupena 13 minutu 36 segundokoa da. 
Bestaldetik, Google-n bi aipu besterik aurkitzen dira ziber-hedabide honekin lotuta:


Azkenik, aipatzekoa da ziber-hedabideak berak audientzia neurtzeko esteka bat dauka azalean bertan, OJD-k esleitzen dizkion eguneko datuak erakusteko: http://www.marca.com/2011/05/23/corporativo/1306146990.html 2.INFORMAZIORAKO SARBIDEA 


MARCA.com atal ugari ditu eta kirol nagusi bakoitzari bana (Fútbol, Motor, Baloncesto, Tenis…) eskaintzen dio. Gainera, atal gehigarriak ere badaude: Toros, Opinión, Apuestas, Poker… Espainiako 1. mailako futbol txapelketari arretaz jarraitzen dio eta klub bakoitzaren inguruko albisteak biltzeko atal bana dauka. Adibide gisa hemen dugu Athleticena. 

Ziber-hedabide honetatik beste ziber-hedabide batzuetrako sarbidea ere ahalbidetzen du, radio MARCA eta MARCA TV (azken hau eguneratuta ez badago ere). Hauekin batera Vivienda, Empleo, Coches eta Marca Sports café atalak erakusten ditu. Guzti hauek kanpoko loturak dira. 

Web orrian bilaketa aurreratua  egiteko aukera daukagu, bilaketa sinpleaz gain, ondorengo faktoreen arabera:


  • Web osoan edo atal jakin batean (Noticias,Fotografías,Blogs,Videos)
  • Irizpideak: hitzak, datak eta relevancia mínima delakoa (portzentajea)
  • Ordenatzeko irizpideak: data/ data+garrantzia (relevancia)
  • Emaitzak orrialdeko:10/25/50
Aurrekoaz gain beste komunikabide batzuetan bilaketa egiteko parada daukagu. 
Tamalez, MARCA.com-ek ez du azalean aurreko edizioetako artxiborik eskaintzen, eta webguneko maparik ez da inon agertzen. Aitzitik, hemeroteka zerbitzu bat eskaintzen du I-pad eta bestelako tauletarako ORBYT aplikazioaren bitartez, non aurreko edizioetako bertsio digitalak erosi daitezkeen.  ORBYT kiosko digitaltzat hartu daiteke. Bertan izena eman duen erabiltzaileak  kazeta eta aldizkari ezberdinen euskarri digitala erosi dezake, baita liburuak edota sarrerak ere. Telefono mugikorretarako, berriz, ziber-hedabideak atari mugikor bat eskaintzen du. Erabiltzailea zuzen sar daiteke bertara http://m.marca.com helbide elektronikoa idatzita. Gainera, aplikazioak dauzka telefono ezberdinetarako: BlackBerry, Android… 
Gaztelera hutsezko ziber-hedabide honen azalean azken eguneratzearen data eta ordua azaltzen dira eta  paperezko kazetaren lehen orrialdea baino ez da erakusten. 
Albistearen egilea kasu batzuetan besterik ez da aipatzen. Bigarren mailan agertzen da eta letraren argitasunak irakurketa zailtzen du. 
Publizitateak garrantzi handia dauka eta formatu ezberdinetan agertzen da, flash objektuak, bideoak eta panel grafikoen bitartez. Bi publizitate mota bereizi dezakegu batik bat:

  • Korporatiboa: Tienda Marca, Master Unidad Editorial
  • Berezitua: kirol-jokoak (bet 365, BetClic…) nagusiki

Orrialdearen behekaldean RSS aplikaziorako sarbidea daukagu, aukera ugari eskaintzen dituena: portada, fútbol, equipos 1ª división 
Nahiz eta azalean bertan ez daukagun izena emateko aukerarik, MundoMarca atalean erregistratu gaitezke, parte hartzeko lau bide zabaltzen dituena:

  • Albisteetan eta blogetan iritzia eman.
  • Liga Fantastica lehiaketan parte hartu.
  • Hitzaldietan galderak egin.
  • Partidak zuzenean komentatu.

Behekaldean, Nuestro equipo izenpean, zuzendaritzaren kideak eta erredakzio-buruak nortzuk diren jakin daiteke. Ondoan, UNIDAD EDITORIAL talde bereko web orriekiko estekak eskaintzen dira: El Mundo, Telva, Expansión… 
3. EDUKI INFORMATIBOA 
Azken  orduko albisteak Última hora atalean argitaratzen dira. 
Eduki informatiboan sakontzeko, azaleko bi albiste garrantzitsuenak azter ditzagun. Azterketa hau 2011.ko urriaren 25ko edizioari dagokio. Ondorengoak dira albiste hauek: 
1) Nueve candidatos del Barça para el Balón de Oro 2011
 Albiste honetan hipertestualitatea esteka bitan agertzen da:
  • Titularrean bertan, barruko lotura dena, albistearen garapen idatzia: El Barcelona tendrá hasta nueve candidatos al Balón de Oro. Bitxia da titularraren aldaketa. Gero,testuan bertan ez da hipertestualitaterik agertzen inon, ez baita inolako estekarik eskaintzen edukietan sakontzeko. Elementu aktiboak daude albistea Facebook, Twitter eta Tuentin konpartitzeko. Irakurleak badu edukia baloratzeko aukera, baita komentarioak egiteko ere, baina ez dago etiketarik.
  • Testuan txertatua. Barruko lotura bat daukagu informazioan sakontzeko, albiste zahar batera ematen gaituena: La UEFA crea su propio 'Balón de Oro'. Multimediatasuna jokalarien argazki-bilduman islatzen da.

2) Simoncelli se les cayó de la camilla con su padre delante

Hemen ere hipertestualitatea esteka bitan agertzen da:

Multimediatasunari dagokionez, albisteak erreferentzia egiten dion bideo batek laguntzen du informazioa azalean: Simoncelli se les cayó de la camilla con su padre delante

MARCA.com-ek ez dauka azalean erreportaje berezietarako atalik. Bai, ordea, bere multimedia atalean. Halare, azalean bertan erreportaje bat eskaintzen du, baina lineala da erabat eta beste edozein albisteren egitura du. 
Atal multimediari dagokionez, honela dago bananduta: Fotogalerías, Gráficos, Reportajes eta Vídeos MARCA. Erreportajen atala urteen arabera dago antolatuta, 2006tik 2011ra. Erreportajeek mikrowebgune baten formatua daukate eta bakoitzaren barnean, sarrera-testuaz aparte, edizio ezberdinetako albisteekiko estekak ditugu, argazkiak eta bideoak, baita azalpen gehigarriak ere, baina ez daude atal ezberdinetan bananduta.
4. INTERAKTIBOTASUNA SUSTATZEKO ERREMINTAK

Erabiltzailearekin interaktibotasuna jorratzeko gunea Opinión izenekoa da. Bertan ondorengo sailkapena aurki dezakegu: Blogs, Firmas, Charlas eta Encuestas. 
Azalean eguneko blog interesgarrienak agertzen dira, orriaren gune ezberdinetan. Blog guztiak hedabideko kolboratzaileek sortutakoak dira. 
Web 2.0 kontezptuarekin lotutako elementu interaktiboak daude albistea Facebook, Twitter eta Tuentin konpartitzeko. Aldi berean, ziber-hedabideak bere kontu propioak dauzka sare sozial hauetan guztietan: @marca, http://www.facebook.com/MARCA eta http://www.tuenti.com/marca. 
Irakurleak badu albistea bozkatzeko aukera, baita komentarioak egiteko ere. Era berean, albistearen informazioa postaz igorri dezake, baita edukia inprimatu ere. Zoritxarrez, erabiltzaileari ez zaio albistearen egilearekin harremanetan jartzeko biderik ematen. Foroetan eta txatetan parte hartzeko elementurik ere ez da agertzen. Erabiltzailean daukan aukera bakarra erregistratzearena da. Horrela izena emanda duten beste erabiltzaileekin partekatu ditzake bere iritzi eta komentarioak. Hala eta guztiz ere, izena emanda eta guzti, erabiltzaileak ez du inolako biderik ziber-hedabideari informazioa bidaltzeko webaren bitartez.  
MARCA.com-ek egunero inkesta digital bat aurkezten du azalean. Nolanahi ere, Encuestas atalean aurreko egunetako inkestetan parte hartzeko beta daukagu egun batzuetako epean. Gero inkestak itxi egiten dira. Gainera, inkesta zaharragoen emaitzak ikusteko parada daukagu, baita aurreko urteetakoak ere. 
Albiste garrantzitsuenetarako koadro berezi bat agertzen du azalean, hiru erlaitz ezberdin dituena: Lo más leído,… comentado eta …valorado. Gune honetan agertzen diren albisteak azalean erakutsitakoekin bat datoz.

5. ZIBER HEDABIDEA HOBETZEKO PROPOSAMENAK

Argi dago MARCA.com-ek paperezko formatuan erabiltzen duen diseinu moderno eta erakargarriaren aldeko apustua ere egiten duela bere web orrian. Hori izan liteke bere arrakastaren arrazoi nagusienetariko bat. Halere, goreneko maila eta kalitatea bilatzen duten prozesu eta produktu guztietan badago, noski, zer hobetzerik. 
Erabiltzaileak faltan sumatzen duen lehenengo gauza webguneko mapa bat izango litzateke, bere nabigazioa errazteko. Egia da web gunearen egitura ez dela oso konplikatua baina produktu batzuk, erreportajeak esaterako, ez da jakiten oso ondo non bilatu. Eta bilaketekin jarraituz, egilearen araberako bilaketa sartzea ere eskertzekoa izango litzatekeelakoan gaude. 
Azalean hemerotekarik ez egotea ere gabezi garrantzitsutzat jo dezakegu, ordaindu beharrekoa izango balitz ere. Are gehiago MARCA kazeta Espainiako irakurriena dela kontuan hartzen badugu. Halere, nolabait gabezi hau ORBYT aplikazioak betetzen du eta, arestian aipatu bezala, bertan aurki dezakegu hemeroteka zerbitzua. Egunkariaren ospea gehiago handitzeko beste hizkuntza batzuen presentzia ere ziurtatu beharko litzatekeela uste dugu, adibidez eguneko titularrak ingelesez eta frantsesez ere eskaini. Espainiar estatuan ofizialak diren beste hizkuntza batzuen gabezia berriz, euskara eta katalana hain zuzen ere, erabaki meditatua izan liteke erabiltzaileen gehiengoa ez haserretzeko. Azken finean ez dugu ahaztu behar MARCA egunkaria Real Madrileko jarraitzaileen kazetarik gogokoena dela. 
Albisteetan egilearen izena gehiago ez nabarmentzea ere akatsa iruditzen zaigu eta, komentatu dugun moduan, letraren kolorea aldatu beharko litzateke, sarritan ez baita izena erraz irakurtzen. Bestaldetik, etiketak sartzea ere lagungarria suertatu liteke. Edukiari dagokionez, hipertestualitatea ondo landuta dagoela esan dezakegu, eta esteken hierarkizazioa sinplea eta jarraitzeko erreza dela. Elementu multimedia ere ondo uztartzen dira testuarekin eta, orokorrean, ziber-albiste osoak eskaintzen dituela ondorioztatu dezakegu, ondorengo partida baten kronikan erakusten den gisa: Lider Higuaín. 
Hala eta guztiz ere, edukiekin jarraituz, erreportaje landuagoak egin daitezkeelakoan gaude, MARCA bere esku baliabide ugari dituen komunikabidea baita. Zentzu honetan, talde bereko El Mundo.es-ek Especiales atalean argitaratzen duen adibide hau proposatzen diegu: Población 7.000 millones. Gainera erreportajeak ere kirol moten arabera antolatu litezke. 
Interaktibotasunaren inguruan larriena erabiltzaileak komunikabideari edukiak bidaltzeko kanalik ez izatea iruditzen zaigu. Ondo legoke, baita ere, bide bat sortzea albisteen egileekin harremanetan ipintzeko. Blog, foro eta txat libreak ez babesteko erabakia logikoa iruditzen zaigu kirolean hedabide espezializatua izanik eta komunitate propio bat sortzeko asmoa (nahiz eta horretarako erregistratuta egon behar).
 

2011/10/15

FRANTZIA ERRUGBI MUNDUKO KOPAKO FINALERAKO SAILKATU DA

Frantziak Gales 9-8 menderatu du munduko kopako lehen finalerdian eta txartela irabazi du datorren astean Auckland-en ospatuko den finalerako.

Frantziako selekzioa 9-8 gailendu zaio Galesi gaur goizean Eden Parken eta bere munduko kopako hirugarren finala jokatuko du. Sam Walburton kapitainaren kanporaketak erabat baldintzatu du partida, galestarrek hamalau lagunekin jokatu behar izan baitute 63 minutuz.

Rolland epailea partidaren protagonista
Gales  3-0 aurreratu da markagailuan Hookek lortutako penaltiari esker. Halere, oso goiz etorri da jokaldi polemikoa. 17. minutuan Walburtonek Vincent Clerc hegala ilegalki plakatu du, Alain Rolland epailearen ustez, jokalari frantziarra airean zegoelakoan. Txartel gorria ikusi du galestarren kapitaina eta partida maldan behera ipini zaie frantziarrei.

21. minutuan Parrak Les Bleus-en markagailua zabaldu du penaltiz eta partida berdindu du. Jokalari frantziarrak saiaturiko hiru penaltiak (21’, 34’, 49’) lortu ditu eta bere taldea 9-3 aurreratu da. Alta, Hookek bi hutsegin ditu tarte honetan eta zelaia utzi du 50. minutuan, Stephen Jonesek ordeztuta.

14 lagunekin jokatu arren, galestarrek gogor ekin diote partidari, Frantziako selekzioa beldur agertzen zelarik. Horrela, Philipsen entsegua etorri da. Zoritxarrez, Jonesen ondorengo ostikadak zutoinean jo du eta Galesek ezin izan du partida berdindu.
Galestarrek azken aukera bat izan dute partida amaitzeko bost minutu falta zirela. 50 metroko penalti bat izan dute aurrea hartzeko, baina baloia langapetik igaro da oso gutxigatik.

 

FRANTZIAK GALES LOTU NAHI DU ERRUGBI MUNDUKO KOPAKO LEHEN FINALERDIAN

Frantzia bere munduko kopako bosgarren finalerdia jarraian jokatzear dago larunbat honetan Eden Park-en (10:00 EHko orduan) Galesen aurka. Les Bleus-en estrategia defentsa sendoan datza Galesen eraso arriskutsua gelditzeko.
Dusautoir, Les Bleus-en kapitaina
Frantzia Galesekin neurtuko da ordu batzuk barru errugbi munduko kopako lehen finalerdian, aurreko kanporaketan Ingalaterra 19-12 menderatu ostean. Honela, oilarraren taldeak pasa den mundialeko mendekua hartu zuen,non britainiarrek kanporatu zituzten Parisen bertan ospatutako finalerdian.
Frantziak zalantza ugari utzi zituen sailkatze taldean, bi garaipen (Japoni eta Kanadaren aurka) eta bi porrot (Tonga eta Zelanda Berriaren aurka) eskuratuta. Halere, badirudi Ingalaterraren aurkako garaipenak konfiantza eta joko ona itzuli dizkiela.
Sam Warburton, galestarren kapitai

Galestarren ibilbidea txapelketan, berriz, oso bestelakoa izan da. Hego Afrikako hasierako porrotaren ostean, taldeak Samoa, Namibia eta Fiji menderatu zituen bata bestearen atzean eta final zortzienetarako sailkatu zen. Kanporaketa honetan aise lortu zuen garaipena Irlandaren aurka (22-10) eta talderik sasoitsuena agertzen da adituen ustez.
Imanol Harinordoquy-k,  Les Bleus-en 8 zenbakidunak, Ingalaterraren kontrako jokalaririk onena, oso argi adierazi du zein den Gales irabazteko giltzarria: “Libre jokatzen uzten baditugu, oso arriskutsuak dira. Defentsan sendoagoak izan behar gara” adierazi du jokalari frantziarrak.
Azken orduko sorpresarik egon ezean, ondorengoak izango dira Marc Lièvremont eta Warren Gatland entrenatzaileek zelairatuko dituzten hamabostekoak, hurrenez hurren:

France : Médard, Clerc, Rougerie, Mermoz, Palisson, Parra, Yachvili, Harinordoquy, Bonnaire, Dusautoir (kap.), Nallet, Pape, Mas, Servat eta Poux.
Ordezkoak: Szarzewski, Barcella, Pierre, Ouedraogo, Trinh-Duc, Doussain eta Heymans.
Gales : Halfpenny (edo North), J. Davies, Roberts, Sh. Williams, Hook, Phillips, Warburton (kap.), Faletau, Lydiate, A. W. Jones, Charteris , A. Jones, Bennett eta G. Jenkins.
Ordezkoak : Burns, James, B. Davies, R. Jones, L. Williams, S. Jones eta Sc. Williams.
Beraz, dena prest dagoeneko 2011ko munduko kopako lehen finalerdiari ekiteko. Partida zuzenean entzun ahal izango duzu ondorengo helbide elektronikoan:http://www.cadenaser.com/deportes/articulo/todo-posible-auckland/serpro/20111014csrcsrdep_16/Tes

2011/10/10

JOSE CALDERON BARÇA-REN SASKIBALOI TALDEAREKIN ENTRENATUKO DA

 Iskandar Hamawy


José Manuel Calderón, NBA eta Espainiako selekzioaren jokalaria, Barça Regal taldearekin entrenatuko da NBA-ren 'lock out'-ak irauten duen bitartean. Antolatzaileak LEB ligan aritzen den Barcelona B taldearekin egingo du.

José Calderón, NBA-ko Toronto Raptors-en antolatzailea eta Gasteizko TAUren jokalari ohia, bihartik aurrera  hasiko da entrenatzen FC Barcelonarekin. Jokalariak, Gasol anaiek egin duten  bezala, klub katalana aukeratu du sasoia mantentzeko liga amerikarraren 'lock out' egoera desblokeatzeko negoziazioek jarraitzen duten bitartean. Bai klubak zein jokalari berak albistea konfirmatu dute beraien web orrietan.
 

 

LIGAK IRRATIAK ITZALTEAREKIN MEHATXU EGITEN DU

Telebista operatzaileei , idazki ofizial baten bidez, irrati kateek beraien seinalearen erabilera "kontrolatzeko edo galarazteko"eskatu die Ligako eta Errege Kopako partiden emankizunetan.


Espainiako Futbol Liga Profesionalak (LFP) beste fronte bat zabaldu du irratiekin daukan gaztazkan. Oraingoan  telebista operatzaileak inplikatu nahi ditu.
Estadioetara sartzeko betoari muzin eginez, irrati esatariek lehenengo jardunaldietako partidak komentatu dituzte telebistako irudietaz baliatuta. Hortaz LPF-k, idazki ofizial batean, telebista operatzaileei  irratiek beraien irudien erabilera "kontrolatzeko edo galarazteko" eskatu die Ligako eta Errege Kopako partiden emankizunetan. Ligak helbide zerrenda bat gehitzen du, bere ustez partidak transmititzen ari diren estudioen helbideena. Idazkian telebista irudien bitartez partidak komentatzea "informazio-eskubidearen babespean" ez dagoela argudiatzen da, eta "irrati-eskubideen bortxaketa" dela azpimarratzen da.
Gainera, Ligaren iritziz, telebista operatzaileen bezeroek, "amaierako erabiltzaileak" izanik ezin dute jasotako seinalea merkataratu hedapen publiko baten bidez. 
Urriaren 5eko dataz argitaratutako idazkian 48 orduko epe bat ematen zaie operatzaileei irrati emisoreen seinalea ebaki dezaten, baita kodifikadoreak, antenak edo txartelak ken diezaizkioten ere.


2011/10/03

NIRE BURUAREN AURKEZPENA

Teoria batzuk egiaztatzeko urteak edo mendeak beharrezkoak dira. Nik, nirea, 39 urteotan zehar egiaztatu ahal izan dut. Zein da hipotesi nagusia?. Hauxe: ergela naiz. Horretarako frogak ugari dira nire ibilbide pertsonalean. Aukera asko izango ditu blog honen irakurlea horretaz jabetzeko. Baina nire ikuspegia aurreratuko dut: bizitzak planteatzen dizkion erronkei mesfidati eta beldurrez begiratzen diona, bere buruarengan konfidantza ezak bultzatuta, ergela da. Agian "ergel" hitzak gogor samarra eman dezake. Politikoki zuzena izan behar badut, orduan "inozo" idatziko dut. Dena dela, inor mintzekotan, nire burua minduko dut; beraz, lasai nago.
Ilustraziorik gabeko azkarra izan nintzen behin


 Hori bai, nire urguiluari opari bat egingo diot. Ez naiz ni edozein motatako ergela, ergel ilustratua baizik, lizentziatura bat eta guzti.Zer frogatzen du honek?.Ba gure hezkuntza sistemak ergelak saritzen dituela, paper zuri batean edukiak errepikatzeko gaitasuna baldin badauka, noski, norberaren heldutasun-mailari erreparatu gabe. Edonork eskura dezake unibertsitate-titulu bat 14 urteko nerabe baten adimen-gaitasuna badauka ere. Eta nik, gutxienez, adin tarte horretan eten nuen nire pertsonalitatearen garapena. Horrexegatik naiz ergela, adimen eta bizitzan autonomo eta aise moldatzeko tresna nahikorik ezin izan dudalako eskuratu.
Baina orain bizitzaren etapa berri bati heltzeko tenorea heldu zait. Eta blog hau, terapia tresna baino gehiago, nire bokazioa lantzeko erreminta bihurtuko dut, kirol-kazetariarena hain zuzen ere, tartean beste gai batzuei loturiko artikuluak joango badira ere.
Hauxe da eskaini nahi dizudan oparia, irakurle, atseginez hartuko duzulakoan. Baina bukatu baino lehenago ergela naizen behin betiko froga erakutsi nahi dizut. Oraindik zalantzarik baduzu, ikus ezazu ondorengo bideoa.