Hasierako orrialdea

2011/10/30

MARCA.com ziber-hedabidearen analisia

MARCA.com MARCA kirol-kazeta espainiarraren interneteko ataria dugu. Artikulu honetan Espainiako egunkaririk salduenaren ziber-bertsioaren ezaugarriak aztertzen dira eta, amaieran, bere funtzionamendua eta erabilera hobetzeko proposamen batzuk egingo ditugu.

1.ONARPEN-MAILA ETA AUDIENTZIA

MARCA.com 302. postuan agertzen da mundu mailako Alexa-ko trafiko-sailkapenean eta bisitarien %69 Espainiar estatutik etortzen direla estimatzen da. Estatu mailan, atariak hamargarren lekua eskuratu du azken hiru hilabeteotan.

Sailkapen honek, gainera, bestelako datuak eskaintzen ditu, besteak beste, trafiko estatistikak, bilaketen analisiak, audientzia, loturiko estekak eta clickstream delakoa, hau da, erabiltzaileak bisitatutako aurreko orrialdea eta hurrengoa.
Aipatzekoa da bisitarien %78.19 ziber-hedabide honetara sartzeko “marca” hitza bilatuta egiten dutela. 
OJD Interactiva izeneko datu-baseari dagokionez, pasa den hilabeteko (2011.ko irailak) datuek 33.079.947 erabiltzaile bakarrak erakusten dituzte eta konexioaren batez besteko iraupena 13 minutu 36 segundokoa da. 
Bestaldetik, Google-n bi aipu besterik aurkitzen dira ziber-hedabide honekin lotuta:


Azkenik, aipatzekoa da ziber-hedabideak berak audientzia neurtzeko esteka bat dauka azalean bertan, OJD-k esleitzen dizkion eguneko datuak erakusteko: http://www.marca.com/2011/05/23/corporativo/1306146990.html 2.INFORMAZIORAKO SARBIDEA 


MARCA.com atal ugari ditu eta kirol nagusi bakoitzari bana (Fútbol, Motor, Baloncesto, Tenis…) eskaintzen dio. Gainera, atal gehigarriak ere badaude: Toros, Opinión, Apuestas, Poker… Espainiako 1. mailako futbol txapelketari arretaz jarraitzen dio eta klub bakoitzaren inguruko albisteak biltzeko atal bana dauka. Adibide gisa hemen dugu Athleticena. 

Ziber-hedabide honetatik beste ziber-hedabide batzuetrako sarbidea ere ahalbidetzen du, radio MARCA eta MARCA TV (azken hau eguneratuta ez badago ere). Hauekin batera Vivienda, Empleo, Coches eta Marca Sports café atalak erakusten ditu. Guzti hauek kanpoko loturak dira. 

Web orrian bilaketa aurreratua  egiteko aukera daukagu, bilaketa sinpleaz gain, ondorengo faktoreen arabera:


  • Web osoan edo atal jakin batean (Noticias,Fotografías,Blogs,Videos)
  • Irizpideak: hitzak, datak eta relevancia mínima delakoa (portzentajea)
  • Ordenatzeko irizpideak: data/ data+garrantzia (relevancia)
  • Emaitzak orrialdeko:10/25/50
Aurrekoaz gain beste komunikabide batzuetan bilaketa egiteko parada daukagu. 
Tamalez, MARCA.com-ek ez du azalean aurreko edizioetako artxiborik eskaintzen, eta webguneko maparik ez da inon agertzen. Aitzitik, hemeroteka zerbitzu bat eskaintzen du I-pad eta bestelako tauletarako ORBYT aplikazioaren bitartez, non aurreko edizioetako bertsio digitalak erosi daitezkeen.  ORBYT kiosko digitaltzat hartu daiteke. Bertan izena eman duen erabiltzaileak  kazeta eta aldizkari ezberdinen euskarri digitala erosi dezake, baita liburuak edota sarrerak ere. Telefono mugikorretarako, berriz, ziber-hedabideak atari mugikor bat eskaintzen du. Erabiltzailea zuzen sar daiteke bertara http://m.marca.com helbide elektronikoa idatzita. Gainera, aplikazioak dauzka telefono ezberdinetarako: BlackBerry, Android… 
Gaztelera hutsezko ziber-hedabide honen azalean azken eguneratzearen data eta ordua azaltzen dira eta  paperezko kazetaren lehen orrialdea baino ez da erakusten. 
Albistearen egilea kasu batzuetan besterik ez da aipatzen. Bigarren mailan agertzen da eta letraren argitasunak irakurketa zailtzen du. 
Publizitateak garrantzi handia dauka eta formatu ezberdinetan agertzen da, flash objektuak, bideoak eta panel grafikoen bitartez. Bi publizitate mota bereizi dezakegu batik bat:

  • Korporatiboa: Tienda Marca, Master Unidad Editorial
  • Berezitua: kirol-jokoak (bet 365, BetClic…) nagusiki

Orrialdearen behekaldean RSS aplikaziorako sarbidea daukagu, aukera ugari eskaintzen dituena: portada, fútbol, equipos 1ª división 
Nahiz eta azalean bertan ez daukagun izena emateko aukerarik, MundoMarca atalean erregistratu gaitezke, parte hartzeko lau bide zabaltzen dituena:

  • Albisteetan eta blogetan iritzia eman.
  • Liga Fantastica lehiaketan parte hartu.
  • Hitzaldietan galderak egin.
  • Partidak zuzenean komentatu.

Behekaldean, Nuestro equipo izenpean, zuzendaritzaren kideak eta erredakzio-buruak nortzuk diren jakin daiteke. Ondoan, UNIDAD EDITORIAL talde bereko web orriekiko estekak eskaintzen dira: El Mundo, Telva, Expansión… 
3. EDUKI INFORMATIBOA 
Azken  orduko albisteak Última hora atalean argitaratzen dira. 
Eduki informatiboan sakontzeko, azaleko bi albiste garrantzitsuenak azter ditzagun. Azterketa hau 2011.ko urriaren 25ko edizioari dagokio. Ondorengoak dira albiste hauek: 
1) Nueve candidatos del Barça para el Balón de Oro 2011
 Albiste honetan hipertestualitatea esteka bitan agertzen da:
  • Titularrean bertan, barruko lotura dena, albistearen garapen idatzia: El Barcelona tendrá hasta nueve candidatos al Balón de Oro. Bitxia da titularraren aldaketa. Gero,testuan bertan ez da hipertestualitaterik agertzen inon, ez baita inolako estekarik eskaintzen edukietan sakontzeko. Elementu aktiboak daude albistea Facebook, Twitter eta Tuentin konpartitzeko. Irakurleak badu edukia baloratzeko aukera, baita komentarioak egiteko ere, baina ez dago etiketarik.
  • Testuan txertatua. Barruko lotura bat daukagu informazioan sakontzeko, albiste zahar batera ematen gaituena: La UEFA crea su propio 'Balón de Oro'. Multimediatasuna jokalarien argazki-bilduman islatzen da.

2) Simoncelli se les cayó de la camilla con su padre delante

Hemen ere hipertestualitatea esteka bitan agertzen da:

Multimediatasunari dagokionez, albisteak erreferentzia egiten dion bideo batek laguntzen du informazioa azalean: Simoncelli se les cayó de la camilla con su padre delante

MARCA.com-ek ez dauka azalean erreportaje berezietarako atalik. Bai, ordea, bere multimedia atalean. Halare, azalean bertan erreportaje bat eskaintzen du, baina lineala da erabat eta beste edozein albisteren egitura du. 
Atal multimediari dagokionez, honela dago bananduta: Fotogalerías, Gráficos, Reportajes eta Vídeos MARCA. Erreportajen atala urteen arabera dago antolatuta, 2006tik 2011ra. Erreportajeek mikrowebgune baten formatua daukate eta bakoitzaren barnean, sarrera-testuaz aparte, edizio ezberdinetako albisteekiko estekak ditugu, argazkiak eta bideoak, baita azalpen gehigarriak ere, baina ez daude atal ezberdinetan bananduta.
4. INTERAKTIBOTASUNA SUSTATZEKO ERREMINTAK

Erabiltzailearekin interaktibotasuna jorratzeko gunea Opinión izenekoa da. Bertan ondorengo sailkapena aurki dezakegu: Blogs, Firmas, Charlas eta Encuestas. 
Azalean eguneko blog interesgarrienak agertzen dira, orriaren gune ezberdinetan. Blog guztiak hedabideko kolboratzaileek sortutakoak dira. 
Web 2.0 kontezptuarekin lotutako elementu interaktiboak daude albistea Facebook, Twitter eta Tuentin konpartitzeko. Aldi berean, ziber-hedabideak bere kontu propioak dauzka sare sozial hauetan guztietan: @marca, http://www.facebook.com/MARCA eta http://www.tuenti.com/marca. 
Irakurleak badu albistea bozkatzeko aukera, baita komentarioak egiteko ere. Era berean, albistearen informazioa postaz igorri dezake, baita edukia inprimatu ere. Zoritxarrez, erabiltzaileari ez zaio albistearen egilearekin harremanetan jartzeko biderik ematen. Foroetan eta txatetan parte hartzeko elementurik ere ez da agertzen. Erabiltzailean daukan aukera bakarra erregistratzearena da. Horrela izena emanda duten beste erabiltzaileekin partekatu ditzake bere iritzi eta komentarioak. Hala eta guztiz ere, izena emanda eta guzti, erabiltzaileak ez du inolako biderik ziber-hedabideari informazioa bidaltzeko webaren bitartez.  
MARCA.com-ek egunero inkesta digital bat aurkezten du azalean. Nolanahi ere, Encuestas atalean aurreko egunetako inkestetan parte hartzeko beta daukagu egun batzuetako epean. Gero inkestak itxi egiten dira. Gainera, inkesta zaharragoen emaitzak ikusteko parada daukagu, baita aurreko urteetakoak ere. 
Albiste garrantzitsuenetarako koadro berezi bat agertzen du azalean, hiru erlaitz ezberdin dituena: Lo más leído,… comentado eta …valorado. Gune honetan agertzen diren albisteak azalean erakutsitakoekin bat datoz.

5. ZIBER HEDABIDEA HOBETZEKO PROPOSAMENAK

Argi dago MARCA.com-ek paperezko formatuan erabiltzen duen diseinu moderno eta erakargarriaren aldeko apustua ere egiten duela bere web orrian. Hori izan liteke bere arrakastaren arrazoi nagusienetariko bat. Halere, goreneko maila eta kalitatea bilatzen duten prozesu eta produktu guztietan badago, noski, zer hobetzerik. 
Erabiltzaileak faltan sumatzen duen lehenengo gauza webguneko mapa bat izango litzateke, bere nabigazioa errazteko. Egia da web gunearen egitura ez dela oso konplikatua baina produktu batzuk, erreportajeak esaterako, ez da jakiten oso ondo non bilatu. Eta bilaketekin jarraituz, egilearen araberako bilaketa sartzea ere eskertzekoa izango litzatekeelakoan gaude. 
Azalean hemerotekarik ez egotea ere gabezi garrantzitsutzat jo dezakegu, ordaindu beharrekoa izango balitz ere. Are gehiago MARCA kazeta Espainiako irakurriena dela kontuan hartzen badugu. Halere, nolabait gabezi hau ORBYT aplikazioak betetzen du eta, arestian aipatu bezala, bertan aurki dezakegu hemeroteka zerbitzua. Egunkariaren ospea gehiago handitzeko beste hizkuntza batzuen presentzia ere ziurtatu beharko litzatekeela uste dugu, adibidez eguneko titularrak ingelesez eta frantsesez ere eskaini. Espainiar estatuan ofizialak diren beste hizkuntza batzuen gabezia berriz, euskara eta katalana hain zuzen ere, erabaki meditatua izan liteke erabiltzaileen gehiengoa ez haserretzeko. Azken finean ez dugu ahaztu behar MARCA egunkaria Real Madrileko jarraitzaileen kazetarik gogokoena dela. 
Albisteetan egilearen izena gehiago ez nabarmentzea ere akatsa iruditzen zaigu eta, komentatu dugun moduan, letraren kolorea aldatu beharko litzateke, sarritan ez baita izena erraz irakurtzen. Bestaldetik, etiketak sartzea ere lagungarria suertatu liteke. Edukiari dagokionez, hipertestualitatea ondo landuta dagoela esan dezakegu, eta esteken hierarkizazioa sinplea eta jarraitzeko erreza dela. Elementu multimedia ere ondo uztartzen dira testuarekin eta, orokorrean, ziber-albiste osoak eskaintzen dituela ondorioztatu dezakegu, ondorengo partida baten kronikan erakusten den gisa: Lider Higuaín. 
Hala eta guztiz ere, edukiekin jarraituz, erreportaje landuagoak egin daitezkeelakoan gaude, MARCA bere esku baliabide ugari dituen komunikabidea baita. Zentzu honetan, talde bereko El Mundo.es-ek Especiales atalean argitaratzen duen adibide hau proposatzen diegu: Población 7.000 millones. Gainera erreportajeak ere kirol moten arabera antolatu litezke. 
Interaktibotasunaren inguruan larriena erabiltzaileak komunikabideari edukiak bidaltzeko kanalik ez izatea iruditzen zaigu. Ondo legoke, baita ere, bide bat sortzea albisteen egileekin harremanetan ipintzeko. Blog, foro eta txat libreak ez babesteko erabakia logikoa iruditzen zaigu kirolean hedabide espezializatua izanik eta komunitate propio bat sortzeko asmoa (nahiz eta horretarako erregistratuta egon behar).
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario