Hasierako orrialdea

2012/01/20

"Thinking football" lehen topaketa burutu da

Athletic Club Fundazioak antolatzen duen “Thinking Football” zikloaren lehen topaketa burutu da atzo arratsaldean Bilboko BBK Aretoan . Enric Gonzalez kazetariak, Juan Villoro idazleak eta Jorge Valdano jokalari ohiak futbola eta gizarte garaikideen arteko harreman historikoa eta gaur egungoa aztertu dute.

Champions Leagueko finalerdi polemiko baten kariaz F.C. Barcelonako zale bat eta Real Madrileko beste bat borrokan ikustea ez da deigarria. Bai, ordea, liskar hori Beirutgo hotel batean gertatzen bada eta bi zale horiek libanoarrak badira. Irrazionaltasun hau futbolak besterik ezin du azaldu. Egia esan, futbola herri-kulturaren adierazpena da. Nola dibertitzen garen erakusten du, baita nola borrokatzen dugun ere.
Jende askoren emozioetan futbola premia-premiazko produktua bilakatu da. Valdanoren esanetan hiru faktore nahasten dira  prozesu honetan: identifikazioa, emaitzaren ziurgabetasuna eta estetika.
Talde baten jarraitzailea komunitate baten partaide sentitzen da. Futbolak tribura itzultzea ahalbidetzen digu. Espeziaren biolentzia intrintsekoa bueltatzen digu. Orduan etsai bat izatea ezinbestekoa da. Gerra joku bihurtzen da eta futbolak gertaera heroikoen kontaketaren traza hartzen du. Horrela uler daiteke zaleen leialtasun sendoa talde bakar batekiko.
Halere, garaipenak dena justifikatzen al du? Zale gehienontzat behintzat ez. Baloreak eta arauak errespetatuz irabazi behar da eta, posible bada, estetikoki. Orokorrean estetikak eraginkortasuna lagundu ohi du. Futbolak badauka ere bere justizia poetikoa. Valdanok ez digu ezer komentatu nahi izan Mourinhoren taktikaz  Barçaren aurkako Errege Kopako partidan. Alta, aurretik aipatu balore guztiak gaur egun F.C. Barcelonak ordezkatzen dituela ihes egin zaio. Gustatuko litzaidake Mourinho eta Valdano Beirutgo hotel batean elkarrekin ikustea.
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario