Hasierako orrialdea

2011/12/13

Aiaraldea.com euskaldunon komunikazio leihoa

Goikogane mendiak eta Urduñako haitzeko mugatzen duten Aiara bailaratik haize berriak bezain freskoak zabaltzen dira interneteko landetara. Izan ere, aiaraldea.com-ek sarean komunikazio leiho  bat zabaldu zuenetik, eskualde honetako euskaldunek ez ezik, gainontzekook ere paisaia ederrago bat ikusteko parada izan dugu euskarazko hedabide digitalen munduan.
Euskara hedabide honen ikurretariko bat da zalantzarik gabe, munduratzeko arrazoi nagusia beharbada. Hizkuntzaren osasunarekiko benetan kezka eta konpromisoa agertzen dute artikulu ugaritan. Honela, sarearen espazioaz baliatuz, eskualdeko euskaldunon arteko harremanak trinkotzeko asmoa  agertzen dute, albisteetako orrian herri nagusien izenak identifikatuz (Laudio, Amurrio, Urduña, Aiaraldea, Orozko, Artziniega, Aiara, Arrankudiaga eta Okondo), baita herri txikiagoen izenak ere (Luiaondo, Baranbio, Arakaldo eta Lezama, besteak beste) .

Hala ere Aiaraldea.com proiektuaren bizkarrezurra herritarren parte hartzea da. “Euskarazko komunikabide digitalen mapa" artikuluan proposatzen genuenez, euskaraz aritzen diren erakunde eta elkarteek leiho ireki bat daukate mundura beraien lanen fruitua erakusteko. Izan ere, tokikotasuna eta herriekiko inplikazioa islatu egiten dira webgunearen egituraketan eta argitaratzen diren edukietan. Eguneroko albisteez gain, agenda zabal bat eskaintzen diote erabiltzaileari, herriz herri antolatuta, eskualdeko ekitaldietan bildutako bideoen eta argazkien bildumekin batera. Bilduma bakoitza dagokion azalpenarekin lagunduta dator.  Ondoriozta dezakegu elementu horiek guztiek ematen duten osotasuna dela, hain zuzen ere, bere arrakastaren arrazoi nagusia.
Halaber, hedabide honetan interes orokorreko gaiak ere jorratzen dira kultur leihoan: literatura, zinema eta abar, euskarazko MM&D hedabideetan batere ohikoa ez dena, eta are gutxiago eskualdekoetan. Eduki hauek erakargarri bihurtzen dute produktua euskaldun ororentzat, diseinu moderno, sistematiko eta zaindu baten laguntzaz. Gainera, guztioi ematen zaigu parte hartzeko aukera, bai sare sozialen bidez zein formatu anitzeko edukiak laguntzen dituzte iruzkin-koadroetan. Honela, euskaldunon esku tresna egoki bat ipintzen da hizkuntzaren koadroa osatu eta eraldatzeko.
Euskaldun guzti-guztiok gaude gonbidatuta Aiaraldea.com-ek zabaldutako leihotik haize freskoa hartzera. Bertatik ikusten den euskararen paisaia zaharra bezain modernoa da. Eta ez bazaigu gustatzen, webgune honen pintzela dugu koadro berri bat marrazteko.

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario