Hasierako orrialdea

2011/11/26

AZAROAK 25

1

Odoletan dut sudurra eta
masailean ubeldura.
Orbain zaharrak ez dira itxi
ta berri bat zabaldu da.
Hau ez da giza itxura!,-
begira nago ispilura-
makillajeak ez du kenduko
nire senarran tortura.
Isilpeko negargura.
Pastillak hartzeko duda.
Agian hobe alde egitea
bakean beste mundura.

2

Negar tanta bi konketan behera,
potea eskuetan hustu.
Heriotzaren gogo biziak
ezin nau jada izutu.
Zenbat bortxaketa mutu
ta zenbat malko ezkutu!
Hilotza izan baino lehenago
hilda banago, hain justu.
Alabak egin dit kuku,
buru barrutik agurtu.
Haren pozaren gatibu naiz ta
katea nola apurtu?.

3

Leire gogoan ta irudiaz
bete egin dut altzoa.
Sehaskaraino hegan joan ta
negarrez dago haurtxoa.
“Etorri nire bitxoa!,
patuaren kapritxoa,
nire bizitzan truk entzun nahi dut
berriro zure zantzoa.
Sudur gorriko iratxoa,
mesedez izan zintzoa,
amak babestu egingo zaitu
bueltatzen bada otsoa.”


4

Txoritxoa besotan hartu,
kale hotzean barrena,
kaiolatik at eguzkia da
eta zerua gardena.
Zinez izan da azkena.
Akabo nire etsipena!.
Inork itzuli beharko dizkit
izana eta izena!.
Epaile entzungor dena,
politikari itsuena,
zergatik neuri jasanarazi
nire senarran kondena?.


Doinua: Manu Chao-ren “Desaparecido”, Igor Elortzak sortutako bertsioan.



 

No hay comentarios:

Publicar un comentario