Hasierako orrialdea

2012/03/10

Amets baten curriculuma

Oraindik gogoan ditut “Estudio Estadio” saioaren laburpen horiek, anaia nagusia eta biok ohe berean sartuta. Astelehen gauetan emititzen ziren, bideoak muntatzeko astia izateko. Eta nik ametsetako bidea hasten nuen Iribarren geldiketek edo Daniren erremateek lagunduta. Bizi-bizi daukat ere Athleticek azken lehen liga hura. Partidaren gorabeherak irratian jarraitu genuen. Norgehiagoka amaitu eta bandera zuri-gorria eskuan errepidera irten ginen lagunekin automobiletako bozina-hots konplizeak bilatzera. Institutu garaian ere gau osoan irratia piztuta gelditzen zen, Butanitoren garrasiren batek ez baninduen itzartzen.
Oso argi neukan sasoi hartan kirol-kazetaria izan nahi nuela. Baina bat-batean, zuhurregia eta arduratsuegia beharbada adin horretarako, institutua amaitu eta Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi behar nuela esan nion neure buruari, hori baitzen etorkizuneko lanbidea. Beraz, ondorengo sei urteotan gogor ikasteari ekin nion. Hori bai, beti zegoen tarteren bat Italiako mundialeko edo Suediako Eurokopako partidak ikusteko. Erabat uztargarriak ziren niretzat asteburuetako irrati-karruselak eta integralak ebazteari ekitea. Edo Marcaren irakurketa kafetegian azterketara sartu aurretik.
1995ean karrera amaitu eta segidan lanean nengoen, aurreikusi bezala. Lau urte eta erdi eman nituen AIRTEL-en telefonia mugikor digitaleko sarerik arrakastatsuena diseinatzen. Asko ikasi nuen garai horretan, gogor lan eginda, baita proiektu garrantzitsu batzuk zuzendu ere, Bilboko metroko estaldurakoa adibidez. Baina kirol-kazetaritzaren arra barne-barnean neukan.
Egonezinak eraginda, 2000. urtean irakaskuntzara pasatu nintzen, erabaki bainuen denbora gehiago behar nuela nire proiektuei ekiteko. Eta 2002an kazetaritzako ikasketak hasi nituen. Tamalez, kontu asko neuzkan eskuetan garai hartan eta hile batzuk beranduago alboan utzi behar izan nituen. Hala eta guztiz ere, ez nuen etsi. Hurrengo urtean ikus-entzunezko master batean apuntatu nintzen EHUn (Euskaldunak XXI mendean). Bikainak izan ziren lehen urteko emaitzak. Horrexegatik ikerkuntza gaitasunerako lana egitera animatu ninduten irakasleek.
Horrela 2003an Erandioko Tartanga institutuan lur hartu nuen. Soinuko heziketa-ziklo berri bat ipini genuen martxan. "Ikus-entzunezko Produkzioetako Soinua" eta "Irratia" irakasgaiak irakasten hasi nintzen eta, horrela, nire hedabideetako lotura berreskuratu nuen. Lehen urte hartan ere “ETBren hizkuntza politika” ikerkuntzarako lana amaitzeko aprobetxatu nuen.

2009-2010 ikasturte bitartean Erandioko institutuan jarraitu nuen. Oso emankorra izan zen egonaldi hura. EAEko lehen ziklo hiru eleanitza ipini genuen martxan sailetik eta ingelesez Audiovisual Production irakasteari ekin nion bi ikasturtetan zehar. Bide batez frantsesa ikasteko ere aprobetxatu nuen. Gainera, ingelesaren hiztegi teknikoa menperatzeko ikus-entzunezkoetan ikastaroak egin nituen Estatu Batuetan eta Estonian. Beste prestakuntza ikastaroak ere egin nituen, Radio Euskadin soinu-teknikari gisa aritzekoa besteak beste.

Halere, egoera horretan ez zegoen kirol-kazetari moduan aritzeko aukerarik. Apustu gogorrago eta zuzenagoa egiteko garaia zen. Hezkuntza saileko oposaketetara aurkeztu eta plaza bat lortu nuen elektrizitateko irakasle gisa. Horrek aukera eman dit 2011-2012 ikasturte honetan eszedentzia bat eskatzeko eta "Multimedia Komunikazioa" masterrean apuntatzeko.
    Bitartean barruko ar hori nolabait baretzen jarraitu izan dut, ETBko saioekin kolaboratuz (Anitzele, Arratsaldero) edo Hamaika Telebistarekin (Bi eta bat), irratiko kirol-saioetako elkarrizketetan edo sare sozialetan.

   Lau urte nituela amets egin nuen hori atzamar puntekin ukitzear nagoela sentitzen dut. Asko borrokatu behar izan dut hona ailegatzeko. Agian ez da bide zuzenena izan baino oso harro eta zorionekoa sentitzen naiz ikasitako guztiarekin.
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario